Larrialdi kimikoa: eskoletarako protokoloa
Ikastetxeek protokolo argia dute, edozein larrialdi egoera sortuz gero. Alerta kimikoa sortzen bada, ikastetxeko irakasleak eta arduradunak hainbat urrats jarraitzeko prest daude, ikasleen ongizatea berma dadin.
Euskadiko eskola guztiek Larrialdietarako Jarduera Plan bat dute, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ontzat emana. Bertan, arrisku egoerei aurre egiteko jarraitu beharreko protokoloa zehazten da. Alerta egoera hauek kausa natural, sozial edo teknologikoen ondorioz sor daitezke, inguruko edo eskolaren beraren instalazioetatik edo jardueretatik eratorrita.
Jarduera Protokolo bat ezartzeaz gain, ikastetxeek larrialdiei aurre egiteko sistemaren ebaluazio bat burutzen dute, ikasturte bakoitzaren hasieran, non organigrama ezartzen edo baieztatzen den, eta baita jarraitu beharreko jarduera protokoloa ere.
Lehenik eta behin, larrialdietarako taldea antolatzen da: honako hauek izendatzen dira: Eskolako Auto Babeserako Batzorde bat, Planaren Zuzendari bat, Esku-hartze Buru bat, Alarma eta Hustuketa Talde bat, etab. Horrez gain, bakoitzaren zereginak eta erantzukizunak ere zehazten dira, bai eskola ordutegiaren barne, eskola ordutegitik kanpo eta bai larrialdi egoeran.
Adibidez, Alarma eta Hustuketa Taldea, alegia; irakasleak eta irakasle ez diren langileak, erantzukipeko ikasleekin, esleitu zaion sektoreko pertsonak modu antolatuan ateratzen ari direla zuzentzeaz eta kontrolatzeaz arduratuko da. Larrialdi egoera bat sortuz gero, zera egin beharko dute:
- Ikasleei jarraibideak eman: kanpora ateratzeko bidea, topagunea, etab.
- Gela hustu bere txanda iristean edo solairuko Koordinatzaileak adierazten duenean.
- Ikasle guztiak gelatik atera direla egiaztatu.
- Ateak eta leihoak itxi, eta atea markatu atera ondoren.
- Topagunera zuzendu aurreikusitako hustuketa bideetatik.
- Topagunean dagozkion guztiak bildu direla zenbatu.
Zuzendaritza organoa eta talde bakoitzaren jarduera prozedurak ezarri ondoren, ikasturtearen lehenengo hiru hilabeteetan, larrialdiko simulakroaren ariketa praktikoa egingo da, eraginkorra den ala ez egiaztatzeko helburuarekin.
Zer gertatzen da eskola batean alerta kimiko bat sortzen denean
Larrialdi kimiko bat sortuz gero, eskolako arduradunak – beste edozein alertan bezala- jarraitu behar ditu Larrialdietarako Jarduera Planaren prozedurak markatzen dituen urratsak:
- Detekzioa: larrialdia identifikatzea. Alerta kimiko bat sortuz gero, larrialdiaren berri emango da sirenen sistemaren, komunikabideetako mezuen edo zuzenean megafoniaren bidez (edo horiek guztiak batera).
- Alarma: eskolako alarma mekanismoak abian jarriko dira eta langileei eta ikasleei abisatuko zaie eta –beharrezkoa izanez gero- kanpoko laguntza eskatuko da: SOS Deiak, su-hiltzaileak, polizia, etab.
- Erantzuna: Planaren protokoloa abian jarriko da.
- Hustuketa edo konfinamendua: larrialdien Burua fase hau abian jartzeaz arduratuko da. Bertan, larrialdiaren izaera ebaluatuko da, eta dagokion plan zehatzari jarraituko zaio: hustuketa, alegia, larrialdiak eragindako pertsonaka modu antolatuan behin-behineko beste leku seguruago batera eramatea; edo konfinamendua: barrualdeko leku isolatu batean egotea. Auto babeseko azken neurri hau alerta kimiko bat sortzean adierazten dena da.
- Laguntzak ematea / jasotzea: Lehenengo unetan esku hartuko da bakarrik baliabide eskuragarriak badaude eta arriskutsua ez bada. Kontrol Zentroko larrialdien Burua kanpo laguntzaz arduratuko da. Bertan, larrialdi zerbitzuei beharrezko informazioa eta baliabideak hornituko dizkie (planoak, giltzak, etab. ).
Nolanahi ere, bai larrialdi txikia izan, edo larrialdi partziala edo orokorra izan, eskolak Lan Arriskuen Prebentzio Zerbitzurako (LAPZ) txosten bat idatzi behar du, larrialdi baten aurrean erantzun egokia ebaluatzeko.