Larrialdi kimiko baten amaiera: nork abisatu behar dit?
Larrialdi kimiko baten aurrean, Babes Zibilari buruzko indarreko araudian jasotako autobabes-jarraibideak bete behar dira. Araudi horretan, alerta kudeatzeaz edo amaiera jakinarazteaz arduratzen diren erakundeak ere ezartzen dira.
Larrialdi-egoeraren bat gertatuz gero, hura kudeatzeko baimena duten erakundeen jarraibideak bete behar dira. Indarrean dagoen legediak, hala nola Autobabeserako Euskal Arauak, Euskadiko Babes Zibileko Planak edo EAEko Larrialdiak Kudeatzeko Legeak, larrialdi-protokoloa koordinatzen eta aktibatzen parte hartzen duten erakunde eskudunak adierazten ditu.
Horrela, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza (LAEMZ), Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren mendeko erakundea, EAEn gerta daitekeen edozein gorabeherari erantzuteko ardura duen agintaritza da. Babes-planak aktibatzeaz arduratzen da eta azken batean, larrialdi baten amaieraren berri ematen duen erakundea ere bada.
DAEMk EAEko larrialdien prebentzioa, koordinazioa eta ebazpena bere gain hartzen du Larrialdiei Aurre egiteko Euskal Sistemaren bidez. Egitura hau elkarren artean erlazionatuta dauden lau zerbitzu osagarritan oinarritzen da (plangintza, larrialdien koordinazioa, esku-hartzea eta Meteorologia/Euskalmet).
Larrialdiak SOS Deiak Euskadiko Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaren bidez kudeatzen dira. Zentroak urtean zehar milioi bat dei baino gehiago artatzen ditu eta ehun mila gertakari baino gehiago koordinatzen ditu. Eginkizun hauek ditu:
- Larrialdi deiak jasotzea.
- Eskaria sailkatzea.
- Alarma zerbitzuei helaraztea.
- Ekintza-planak/baliabideak aktibatzea.
- Esku hartzen duten baliabideak eta zerbitzuak koordinatzea.
Lehen azaldu dugun bezala, larrialdi-plan bat aktibatzeak berekin dakar arriskuari aurre egiteko beharrezkoak diren autobabes-mekanismoak ezagutzea eta aplikatzea. Gainera, alerta kimiko baten kasuan, belarria zorroztu behar da, izan ere, abisurik hurbilena sirenen bidez ematen da.
Plana desaktibatu egiten da hura eragin zuten zirkunstantziak desagertu ondoren. Planaren Zuzendaritzak desaktibatu egiten duela adierazten du SOS Deiak zentroari abisu bat emanez, eta hark, era berean, mobilizatu edo ohartarazi diren agintari, erakunde eta zerbitzuei jakinarazten die. Era berean, bere kanal ofizialen bidez (sare sozialak edo hedabideei jakinarazitakoak) larrialdiaren amaieraren berri ematen die kaltetuei.