Uraren optimizazioa industria kimikoan
Lehorteak gero eta gogorragoak diren eta ingurumenaren kutsadurak kezka izaten jarraitzen duen munduan, gure baliabide hidrikoak babestea funtsezkoa da. Industria kimikoa bere zatia egiten ari da, ekoizpen-prozesuetan uraren erabilera arduratsua eta iraunkorra bermatzeko gogor lan egiten.
Azpimarratu behar da industria kimikorako urak duen garrantzia. Gure gorputzak urik gabe funtzionatu ezin duen bezala, sektore honek elementu likidoa behar du gizateriaren aurrerapenean lagundu duten produktu eta substantzia kimiko asko ekoizteko.
Ura erreaktibo gisa erabiltzen da sintesi kimikoetan. Halaber, disolbatzailea eta produktuen garbitzailea da. Oinarrizko lehengaia da produktu kimiko ugari fabrikatzeko. Gainera, ura hozgarri bikaina da destilazio-prozesuetan, ekipo eta instalazioen garbiketan duen zeregina ere ahaztu gabe.
Produktu farmazeutikoak, kosmetikoak eta ongarriak fabrikatzetik hasi eta energia eta elikagaien ekoizpeneraino, ura funtsezkoa da sektorearentzat. Izan ere, industria kimikoak baita ere lagundu du uraren kalitatea hobetzen klorazioaren teknikarekin, azken mende eta erdian gure bizi-itxaropena bikoiztuta.
Baina ez dugu ahaztu behar ura baliabide mugatua dela. Gizateriarentzat ezinbestekoa den elementu bat dugu jokoan, eta mundu osoak hori kontserbatzen lagundu behar du.
Uraren zaindariak
Industria kimikoak hori badaki, eta Euskadiko enpresa askok konpromisoa hartu dute ura modu arduratsuagoak erabiltzeko, haren iraunkortasuna bermatzearren.
Europa mailan, industrian uraren erabileraren inpaktua murrizteko erreferentziazko araudiak dira Uraren Esparru Zuzentaraua, Industria Isurpenen Zuzentaraua eta Klima Aldaketara Egokitzeko Europako Estrategia. Europar Batasunak ere ikerketa-proiektuak sustatzen ditu, tartean, E4WATER eta iWAYS, industria kimikoan uraren erabilera %30 eta %60 artean murrizte aldera.
AVEQ-KIMIKAk, Enpresa Kimikoen Euskal Elkarteak, bere kideen artean ekonomia zirkularra eta iraunkortasuna sustatzeko ekimenak burutzen ditu. Sektorea uraren erabilera kudeatzeko eta optimizatzeko programak ezartzen ari da, prozesuetan sortutako hondakin-uren kontsumoa eta kopurua murrizteko asmoarekin. Zenbait neurriren artean, uraren tratamendua aurreikusten da, berrerabiltze aldera, eta urak iragazteko teknologia aurreratuak ezartzea.
Murriztea eta berrerabiltzea, prozesuaren gakoak
Sektoreko enpresa guztietara eraman daitekeen adibide zehatza Petronorren dugu. Muskizko findegiak sistema eraginkor bat ezarri du ura tratatzeko eta berrerabiltzeko, eta, horrela, uraren %30era bitarte berreskura dezake. Horrek esan nahi du urtean 1,8 hm³ inguru sartzen dela prozesura.
Gainera, ura modu eraginkorrean erabiltzeko prestakuntza- eta kontzientziazio-programak ditu langileentzat. Horrez gain, uraren kalitatea etengabe kontrolatzen du, kalitatean eragina izan dezakeen edozein anomalia identifikatu eta zuzentzeko.
Ildo hori bera jarraitzen du, baita ere, Exolum enpresak CLH2Orekin. Petrolio-produktuak garraiatu eta biltegiratzen dituen enpresak Rivabellosan, Santurtzin eta Zierbenan ditu lantegiak, eta karbono-neutraltasunerako bidea egiten ari da, arreta uretan ere jartzen duen estrategiarekin. Zehazki, uraren kontsumoa murriztu nahi du biltegiratze-tangak garbitzeko prozesuetan eta suteen kontrako probetan.
Horretarako, inbertsio handia burutu du aztarna hidrikoa eta isurketa-uren aprobetxamendua kalkulatzeko proiektuetan, eta, horrela, uraren erabilera optimizatu edo berrerabiltzeko aukera izan du, –bioerreaktoreen bidez tratatu ondoren-, suteen kontrako sistemetan erabiltzeko.
Prozesuetan ura aprobetxatzearekin konprometitutako beste enpresa bat Tepsa da logistika kimikoaren sektorean. Urtero helburuak ezartzeaz gain, ingurumen-adierazpena argitaratzen du emaitza eta guzti. Esate baterako, 1.900 m3 euri-ur inguru berreskuratzen ditu suteen aurkako babes-sarea mantentzeko, probak eta simulazioak egiteko eta instalazioak garbitzeko.
Azken finean, uraren iraunkortasuna kezka eta erronka bat da, eta ezin dugu albo batera utzi. Euskadiko enpresa kimikoak arrazoi horrekin konprometituta daude, eta uraren kudeaketa arduratsurako bidean buru dira. Zeregin horretan, tanta bakoitza kontuan hartzen da, eta indartu egin behar dugu gure etorkizuna lehortu ez dadin eta jariatzen jarrai dezan.